
Hego Euskal Herriko hiriburuak hautatu dituzte hitzaldietarako. “Sindikalgintza ere feminista” izenburua izango du Gasteizen, martxoaren 1ean eskainiko dutenak. Ainhoa Etxaide, Assumpta Barbens, Iratxe Alvarez eta Arantxa Fernandez de Garaialde izango dira bertan, sindikalgintzari lotutako lau emakume.
“Eskola inklusiboa jendarte baztertzailean” gaia jorratuko dute Amelia Barquin, Begoña Lasa eta Teresa Jiménez adituek, martxoaren 14an, Bilbon.
“Hezkidetzatik pedagogia feministarantz” ildoari helduko diote Inma Hurtado eta Mari Luz Estebanek, apirilaren 19an, Iruñean. “Ezinbestekoa ikusten dugu paradigma feministatik abiatzea hezkuntzan heteropatriarkatuaren ideologiari aurre egiteko”, diote antolatzaileek.
Azkenik, maiatzaren 4an Donostian izango da hitzordua: “Neoliberalismoaren erasoak zerbitzu publikoei” izenburupean, zerbitzu publikoen pribatizazioa izango dute mintzagai Amaia Perez Oroko eta Txiki Muñozek.
Dokumentala eta kongresua
Horrez gain, dokumentala ere aurkeztuko du sindikatuak, hezkuntzaren panorama globalaz gogoetatzeko asmoz. Hezkuntza munduko pertsona esanguratsuen elkarrizketak jaso dituzte horretarako.
Maiatzaren 18 eta 19an berriz, STEILASek bere XI. Kongresua egingo du, Gernikan. 150 ordezkari inguruk parte hartzea espero dute, “hurrengo lau urteetarako lan ildoak definitzea” helburu.